2013/07/11

Udaleku irekiak

Badira hogeitabost urte inguru udaleku irekiak antolatzen hasi zirela Euskal Herriko hainbat herritan.
Hernanin, oso oker ez banabil, udaleko hezkuntza- eta euskara- batzordeek bultzatutako ekimena izan zen, eta beste batzuen artean helburu jakin batekin: familia erdaldunak zituzten umeei, udan, euskaraz jolasteko eta bizitzeko tartetxo bat eskaintzea. Beste herrietako informazio zehatzik ez eduki arren, imajinatzen dut ekimenak antzeko helburuarekin jaio zirela.
Hasieratik arrakasta izan zuten eta gaur egun horrelakoak non-nahi ikus ditzakegu, eta ume asko ibiltzen da, uztaileko goizetan, gure herriak bizi pozez betetzen. Ziurrenik, orduko dinamika eta gaur egungoa aldatu egin da. Esan nahi dut, gaur egun, familia ugarik erabiliko duela zerbitzu hori, lanean dauden bitartean umeak zaintzeko beste modu bat delako, baina pentsatu nahi dut, funtsean, helburuak antzekoak izaten jarraitzen dutela.
Gaur goizean Donostian ibili naiz pasiadan, hondartzatik barrena eta Nautikoan eseri naiz une batez giroaz gozatzeko. Han nengoela, horrelako hiru taldetxo hurbildu dira. Umeek zazpi eta hamar urte bitartean izango zituzten. Ez dakit zein udalekutakoak  ziren, Donostian horrelako taldeak ugariak izango baitira. Hauek, bereizgarri gisa, laranja kolorezko tixertak zeramatzaten soinean. Atzean taldeen izenak eskuz idatzirik eta umeen izenak. Taldeen izenak animaliak ziren, guztiak euskaraz idatzita.
Umeak hurbiltzen ari zirenean gaztelaniaz ari zirela ohartu naiz, baina horrek, zoritxarrez, ez nau gehiegi harritu. Nire harridura larria izan da begiralea gaztelaniaz zuzentzen zitzaiela entzun dudanean. Are gehiago, beste begiraleak hurbildu ahala, jo ta su gaztelaniaz mintzatzen zirela ikusi dut, bai euren artean, baita umeekin ere.
Une batez, amets egin dut, gaztelaniako udalekuak umeek bigarren hizkuntza ikas dezaten, eta irrifarre ziniko bat imajinatu dut nire ahoan. Tristetu egin naiz eta mindu, bereziki, alde egiterakoan goazen eta binaka jarri adierak entzun ditudanean.
Badakit inozo samarra naizela, baina imajinatzen nuen maila horietan gure hizkuntzaren erabilera bestelakoa zela, baita Donostian ere.
Nautikotik alde egin dut,  Paseo Berrirantz. Berriz ere topatu naiz kolore laranjadun tixertadunekin. Etsipenez beteriko begiratua bota diet. Kai parean, belauntzian ibiltzeko ikastaro batekin topo egin dut. Belarria jarri eta gaztelania entzun dut, horiek 10-12 urteko gaztetxoak ziren. Aurrera jarraitu dut, haserre, arin samar, eta Aquariumeko eskilarak igotzean beste bi taldetxorekin topatu naiz. Berriro ere arreta ipini dut. Euskara hutsean ari ziren, bai umeak baita begiraleak ere. Arnasa hartu dut apur bat  lasaiago.
Etxerantz abiatu naiz, itxaropentsu, eta pentsatu dut, agian, etorkizuna badugula euskaldunok, baina, oraindik ere, lan handia dugula egiteko, eta, besteen artean, heziketa eta helduek ematen dugun eredua funtsezkoak  eta erabakiorrak direla.
Oharra: Ziur naiz, Donostian euskara hutsean egindako udalekuak badirela eta seguru lan bikaina egiten ari direla, baina, gaurkoan, nik errealitate horrekin egin dut topo. Kasualitate hutsa? Salbuespena? Hala bedi!

2012/03/21

Changes

Bi urte pasatxo dira kaiera hau hasi nuela. Asko kostatu zitzaidan pausua ematea, lotsangatik edo, baina hasi nuen, eta, egia esateko, neure ikuspegitik eman ditu bere fruituak. 
163 sarrera egin ditut guztira, batzuk arinagoak, besteak sakonagoak, baina beti ere neure gogotik, neure barrutik. 
Niretzat terapia izugarri ona izan da. Esan dezaket, batere lotsarik gabe, hondamenditik atera nauela sarri, heldu leku bat izan dela nire egun txarrenetan.
Irakurleei dagokienean, zer esango dut? Ba, oso pozik sentitzen naizela. Hasieran despistaturen bat sartzen zen hona, orain despistatu bi edo, baina azken hilabeteetan gora egin du kopuru horrek, eta horrek motibatzen du, zalantzarik gabe. Mila esker despistatu guztiei.
Hala ere, kaiera honi orrialdeak agortu zaizkio, eta berri bati ekiteko unea heldu zait.
Joxeparen Kaierak jarraituko du, betiko tonuan, betiko doinuan, baina ez hemen. 
Irakurle maitea, aitzina, ZuZeun topatuko nauzu,(http://zuzeu.com/blogak/joxeparen-kaiera) hala nahi baduzu, behintzat.
Eskerrik asko ezezagun ezkutu guztiei, zuek gabe ni ez nintzateke ezer.
Gaiztoak izan!
Joxepa

2012/03/09

fukushima mon amour

Blogen historia hau oso bitxia da. 
Sortzen duzu zerbait adierazteko duzulako, zure barrua hustutzeko beharra daukazulako, nahiz eta jakin, ziurrenik, oso jende gutxik irakurriko duela. Gainera, ez duzu inolako feedbackik jasotzen. Beraz, inoiz ez dakizu, esaten, edo pentsatzen, edo sentitzen duzuna zer nolako eraginak sortarazten dituen irakurleengan. Hala ere, berdin zaizu, eta jarraitzen duzu tarteka zerbait idazten nahi duzulako, besterik gabe. 
Baina, egunen baten deskubritzen duzu jarraitzaile fidelen bat duzula, eta haren jarraipena egitea joku moduko batean bihurtzen da, eta engantxatu egiten zara (ziurrenik beste inolako engantxerik ez duzulako).
Duela urte bete deskubritu nuen norbaitek Japonetik jarraitzen ninduela. Lehen bisita ohargabean pasa zitzaidan, baina egun terdiro Japonetik bisitari bat nuela ikusi nuenean, kuriositatea sortu zitzaidan. Estatistikek ez dute gauza handirik adierazten, baina bai zein sistema operatibo erabiltzen duen irakurleak, eta zein nabegadore darabilen. Japoniarrak beti sistema bera zuen, beraz, pertsona bera zela pentsatu nuen. Halako batean Fukushimako hondamendia gertatu zen. Egun horietan oso kezkatuta ibili nintzen, nire irakurle anonimoaz kezkatuta, ondo ote zegoen, hondamendia gertatutako ingurunean ote zen, ala urrutiago, Japoneko mapak behin eta berriz aztertu nituen, hiri ezagunen bila... Egun pare bat edo egon zen ni bixitatu gabe, baina azkenean agertu zen, salbu zegoen. Lasaitu ederra hartu nuen. 
Jarraitu zuten bixitek, baina hamabost egunera edo herrialdea utzi zuen, Japoneko bixita gehiago ez baitut eduki, eta beste herrialde batean azaltzen hasi ziren antzeko bixitak.
Egun haietan idatzi nuen nire blogean bixita gehien jaso duen sarrera: energia nuklearrari buruzkoa. Ez nuen interesatuki egin, barrutik atera zitzaidalako baizik, baina "japoniar" harek zerbait eragin zidan nire barruan, eta nire bizitzako une ilun hartara argi apur bat ekartzea lortu zuen, nahi gabe.

Honako hau idatzi ondoren, bihar ere begiratuko dut ea norbaitek irakurri nauen, ea agertzen den beste amour bat mundu zabalean zehar, edo etxetik gertu, horrek berdin dio.


2012/03/04

martxoak 8

Zeure burua aurkeztu behar duzunean, edo nonbaiten zure profila deskribatu behar duzunean, sarri, gisa honetako galderak erantzun behar dituzu: Zein pertsonai historiko izango zinateke? edota, zeintzuk dira zure ereduak bizitzan? ala, zein pertsonai miresten duzu?
Askotan egin izan dizkiot galdera horiek neure buruari, eta erantzunak ugariak izan litezke, arrazoi desberdinak medio, pertsona desberdinak iruditzen baitzaizkit interesgarri: emakume zein gizonezko, antzinakoak zein gaur egunekoak. Gehien bat politikarekin eta artea eta kulturarekin loturiko pertsonak dira, kasu askotan emakumeak, pertsona argiak, jantziak, munduari nolabaiteko ekarpena egin diotenak. Baina, edozein kasutan, miresmena kontzeptu sakonegia iruditzen zait arinkeritan ibiltzeko, edozein pertsona aipatzeko.
Egun hauetan igerilekuan, hirurogei urte inguruko emakume batekin egin izan dut topo. Bere alabarekin doa. Alabak hogeitamar bat izango ditu (edo gehiago, ala gutxiago), Down sindromea du, eta amak dutxatu egiten du, lehortu, mimoak egiten dizkio,... Igerilekura eramaten du berarekin, eta imajinatzen dut egun guztia berarekin igarotzen duela, hari ahalik eta arreta goxoena emateko asmoz. Ziur naiz amaren kezka izango dela zer izango den alabaz bera falta denean, ez dakit, baina ikusten ditudan bakoitzean sentimendu bereziak pizten zaizkit, hunkitu egiten nau, goxotasuna transmititzen dit. 
Horrelako zenbat emakume dago munduan, duen apurra, edo guztia, seme-alabei ematen diona, bueltan ezer eskatu gabe, maitasunagatik? Agian ez dute kulturarik izango, agian ez dira pertsona argiak eta jantziak izango, agian ez diote munduari mediatan agertuko den ekarpenik egingo, baina horiek dira niri benetan miresmena sortarazten didatenak.
Martxoak 8a bueltan dago, doa hemendik omenaldi sentitu bat horrelako emakume eta ama guztientzat. Horiek baitira eredugarri, bizi garen jendarte konpetitibo honetan, munduari beste perspektiba bat emateko. Biba zuek!!!!

2012/02/26

punk




Oso gustuko dudan Xabier Montoia idazle eta musikariari elkarrizketa batean irakurritakoa:

"Punka niretzat, musika mota bat izateaz gain, pentsatzeko eta jokatzeko modua da funtsean, eta, horretan behintzat, iruditzen zait ez naizela batere aldatu".

Guztiz konpartitzen dut. 

Elkarrizketa Lander Garrok egin dio otsailak 26ko Zazpikarako. Oso interesgarria. Irakurtzeak merezi du.

2012/02/19

Lo que duele (erich fried)

Si te
pierdo
¿qué 
me duele?
La cabeza no
el cuerpo no
los brazos no
y las piernas no
Están cansadas
pero no duelen
o no más
de lo que siempre una pierna duele
El respirar no duele
está algo oprimido
pero menos
que un resfriado
La espalda no duele
tampoco el estómago
los riñones no duelen
y tampoco el corazón
¿Por qué 
entonces no
soporto
perderte?

(Erich Fried)

2012/02/12

gaslight

Gaztelaniaz "Luz que agoniza" titulupean ezaguna, 1944ean zuzendu zuen George Cukor maixuak. 
Berriro ikustean, egun hain ezaguna zaigun emakumeen aurkako bortizkeria etorri zait burura, kasu honetan psikologikoa. Zeren hori baita filma, thriller psikologiko bat. Paula bere senarraren biktima bihurtzen da, eromenera bultzatzen duelarik.
Charles Boyer, Ingrid Bergman eta Joseph Cotten dira antzezle nagusiak, tartean Angela Lansbury gazte batek dontzeila lotsagabe baten rola egiten duelarik. Guztiak bikain daude, eta Bergmani oskar saria eman zioten Paularen rolarengatik.
Suspense lan bikaina zinema klasikoa gustuko duenarentzat.